Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

MEDINA, RUPERTO

medina_ruperto.jpg

MEDINA, RUPERTO
Eskola maisua

1867 - 1951

Hona hemen beste eskola maisu bat. Berrogeita bost urtetan jardun zuen Portugaleten eta gogoan daukate bere ikasle izandako guztiek.

Kultura handiko gizona omen zen, langile fina, hezitzaile bikaina, etengabe ikasten zuen pedagogoa... Ereduzko maisua, azken batean.

Ruperto Medina palentziarra zen, Cevico de la Torre herrixkan jaioa. Irakasle ikasketak Palencian egin zituen eta jaioterritik gertuko herrixka batean aritu zen aurreneko urteetan.

Portugaleteko mutikoen eskolan huts bat gertatu zenez gero, 1893an eskuratu zuen Medinak lanpostua, aurrean Manuel Agustinok eta Jose Zubeldiak okupaturikoa. Mila ehun pezeta kobratzen zuen urtean, beste ordainsari batzuk beste zirela.

Esan bezala, 1893ko otsailean jabetu zen plazaz eta Eliz Kantoiaren gaineko eskolan aritu zen etengabe, 1937an, gerra zibilaren bitartean, erretiratu zen arte. Portugaleten jaio ziren Ruperto Medinaren hamabi seme-alabetariko hamar.

Irakaskuntza oso gogokoa zuenez eta gizon kementsua zenez gero, lehen mailako ikasketak ez ezik, irakaskuntza aplikatu ere eskaini zuen bere eskolan, agian aurreneko aldiz Espainia osoan.

Lehen mailako eskoletan eskaini ohi zen oinarrizko jakintza ez ezik, Ruperto Medinak, ederki zekienez gero nolakoa izango zen etorkizunean mutiko haien bizimodua, eskulanen hastapenak ere irakasten zizkien: zurgintza, elektrizitatea, igeltseritza, etab. Aldi berean, hark berak jotzen zuen harmonium txiki batez baliatuta, hainbat musika tresna jotzen bazekien-eta, saiatzen zen ikasleen hezkuntza eta kultura zabaltzen.

Hainbat eskuliburu argitaratu zuen, gai hauen gaineko irakaskuntza praktikoenak: Hizkuntzaren Teoria eta Praktika, Geografia, Aritmetika, Entomologia, Eskulanak, Eskolaren Antolamendua, Marrazketa Geometrikoa, etab. Horren guztiaren ordain askotan jaso zituen sariak, diplomak, dominak, ohorezko aipamenak eta esker beroak. Haren ekimenaz hasi zen Portugaleten Arbolaren Eguna ospatzen eta plazako kioskoa egitea ere berari bururatu zitzaion, Palencia hirikoa eredu hartuta.

Politikan tradiziozko eskumara makurtzen zenez gero, ez zuen gogoko izan Errepublikaren etorrera eta Udalean ezkertiarrek agintea edukitzea ere ez. Horiek horrela, bada, atsekabe franko izan zuen, batez ere 1933an Lehen Irakaskuntzako ikuskatzaile izendatu zutenean, aurre egin baitzien, kemenaz, ezkertiarrei. Eskumako batzari lagunduta, 1936an Frente Popular alderdia nagusitu zenean, beste atsekabe batzuk izan zituen eta, horren ondorioz, beso zabalik hartu zuen diktadura.

Horrelako ideiak islatu zituen Portugaleten emandako 45 urteen oroit-idazki labur batean, zeina sozialista eta abertzaleen aurkako irainaz bete zuen. Medinak Bilbon eman zituen bizialdiko azken urteak, urte benetan gogor eta latzak, denek ahaztuta eta esker txarrean. 1951n hil zen, 84 urte zituela, eta Portugaletera ekarri zuten lurra ematera.

Medinaren ikasleetako asko izan ziren geroago gizon nagusiak: Jose Maria Areiltza edo Ángel Alday, besteak beste. Dena den, maisuaren bokazioa kutsatu zion bat aipatu nahi dugu: Víctor Elorza, alegia. 1916an jaio zen eta delineante-proiektugilea izan zen lanbidez, baina irakasle eta zuzendari aritu zen Arte-Lanbideen Eskolan eta Maestro Zubeldia eskolan ere bai, gaueko eskola eman baitzuen, industria eta arte marrazkiarena, 1984a arte.

Berrogeita bost urtetan, bada, gaueko eskola emateaz gain, La Naval-en egin zuen lan. Horri guztiari esker jaso zuen hiriko domina urrezkoa.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200