Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

SANCHO DE ARCHINIEGA

nofoto.jpg

SANCHO DE ARCHINIEGA
Itsas armadako jenerala

1531 - 1592

1531. urtean jaio zen Portugaletek XVI. mendean izan zituen itsas gizon garrantzitsuenetako bat. Militarra eta itsas gizona ez ezik, itsasketa teknikaria ere bazen, eta idazlea ere bai. Familian beste itsas gizon batzuk zituen: armadoreak, kapitainak eta pilotuak XV. mendean. Aitaren ontzien artean hazi zen, bada, Sancho eta gazte-gaztea zelarik, Mediterraneoan ibili zen, Karlos I. enperadorearen zerbitzupean, Italiaren eta turkiarren kontrako gerrateetan.

Kapitaina zela, bere ontziekin jardun zuen Felipe II.aren zerbitzura eta erregeak ordainean 200 dukateko errenta eman zion. Horrelako dirutza jasota, esan zuen Sanchok harekin eta zeukan ogasunarekin bizialdi osoa gozo-gozo emango zuela.

Andre Mari elizako kaperetako baten jabea zen. San Kristobal kapera zen hura, 1566an egina. Hiru urte geroago, kapera aurreko hiru hilobi erosi zuen.

Urte horietan, itsas armadako jenerala zela, Habanara iritsi zen, 1.500 gizon eta 15 ontzi zekarrela, baina Floridara bidali zuten, Pedro Méndez Aviléskoari laguntzera, konkistan iraun zezan. Ezer gutxitan lagundu zion, ordea, bere gizonek Kuba, Puerto Rico eta Santo Domingoko gotorlekuetan hildako soldaduak ordeztu behar izan baitzituzten.

Bidaialdi horri buruz oroit idazki interesgarri bat idatzi zuen: Relación de los sucesos de la isla de Santo Domingo, año de 1567 (1567an Santo Domingo uhartean gertatutakoa). Jatorrizko idazkia Sevillan dago gorderik, beste kontakizun eta deskripzioekin batera.

Itsasketaz asko zekienez gero, esku hartu zuen 1569 eta 1572ko ordenantzen prestaketan, besteak beste ordenantzok Indietara zihoazen ontzien tonak arautzen baitzituzten, urperaketarik gerta ez zedin.

1578an beste oroit idazki bat bidali zion Felipe II. erregeari. Itzulingururik gabe azaltzen zion gure portuak hondamendian zeudela merkataritza eta ontzigintzari zegokionez. Egin beharreko gauza batzuk ere proposatzen zizkion erregeari. Oso berba latzak izan zituen Sanchok itsas armadan sartzen ziren mutilez eta portuetan ontziak bahitzeaz: haren iritsiz, jendea ez zegoen batere pozik eta ez zuen lanik egiten ordain nahikorik jasotzen ez zuelako. Oso berandu kobratzen omen zuten itsas langileek eta dirua iristen zitzaienerako, asko hilak ziren jada.

Itsas armadako agintariak ere aipatzen zituen idazkian. Haren ustez, izendatutako nagusi batzuk ezjakin hutsak ziren itsasketaz eta itsasoko gerraz. Erregearen gogora dakar haren aitaren eta aitonaren, hau da, errege katolikoaren, denboretan horrelako karguetan oso jende gutxik ziharduela, baina denak oso eraginkorrak zirela; Bizkaian, esaterako, Lazkao, Pedriza eta Portuondo kapitainak eta Artieta anaiak baino ez zeuden.

Gomendio horiek guztiak gorabehera, erregeak ez omen zion jaramon handirik egin eta hamar urte geroago Itsas Armada Garaiezinaren hondamendia gertatu zen, oso kolpe latza, alegia, Espainiako ontzigintzaren aurka.

Sancho Archiniega 1592an hil zen.

Archiniega bezala, baina bi mende geroago, Manuel Montiano Sopelana ere ibili zen Florida aldean. Portugaleten portugaletetartzat daukate, jaiotzaz bilbotarra izan arren. Florida koloniako gobernadoreetako bat izan zen. Bilbon jaio zen, esan bezala, 1865ean, ama Teresa Sopelana portugaletarra zela eta aita, berriz, Agustín Montiano Barco, Jaurerriko diputatu nagusia. 1740an, ingelesek San Agustin setiatu zutenean, heroi baten moduan jardun zuen. Haren balentria betiko gogoratzeko, inskripzio bat dago San Marcos gazteluan. Gaztelu hori monumentu nazionala da Estatu Batuetako hiririk zaharrena den San Agustin-en.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200