Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

SANCHO DE LA PEDRIZA

nofoto.jpg

SANCHO DE LA PEDRIZA
Itsas kapitain ospetsua

Haren leinua, Martínez de la Pedriza , Portugaleteko zaharrenetako bat zen. Lope García de Salazarren arabera, horrelako izena zegokion familiari, haren etxeko hormetako bat harri lehorrezkoa zelako. Leinuaren fundatzailea pobrea omen zen eta Bilbon errautsa salduz aberastu omen zen. Ondorengoek, berriz, oso parte-hartze inportantea izan zuten herrian lehenengo mendeetan, merkatari eta armadore gisara.

Gure Sancho hau XV. mendearen bigarren erdialdian jaio zen eta garaiko itsas kapitain ospetsuenetako bat izan zen.

1578an Sancho Archiniegak Felipe II. erregeari bidali zion idazkian agertzen zaigu Sancho de la Pedriza. Archiniegak dio Fernando eta Karlos I. erregeek itsasoaz eta gerraz ederki zekiten gizonak baino ez zituztela agintari izendatzen eta horrelako bost baino ez zeudela Bizkaian: gure portugaletetarra, besteak beste.

Errege Katolikoak eman zion Pedrizari aitorpenik handiena 1506. urtean, Felipe eta Joana errege-erreginak Flandesetik Espainiara etorri zirenean.

Errege-erreginekin batera zetozen ontziak ekaitz itzel batek jo zituen; batzuk suntsitu eta gainontzekoak Ingalaterran gelditu behar izan ziren. Felipe I. erregeak, Windsorren zegoela, errenta bat eman zion sari gisara: hamar marabedi urtean bizi guztirako, alegia. Pedrizari ez ezik, Bizkaiko beste hiru piloturi ere eman zien errenta: hots, Portugaleteko Joan Pérez Arana pilotu, Pedro San Martin kontseilariari eta beste bati ere bai.

Halaber aipatu zituen, haien jardun heroikoagatik, Íñigo Martinez Pedriza eta Martin Oyancas. Iñigo alkatea izan urte batzuk lehenago eta, zeuzkan fleitak albo batera utzita, ontziak laga zizkion erregearen itsas armadari. Oyancasi, berriz, itsasoan egindako hainbat zerbitzu eskertu nahian, baimena eman zion erregeak armak erabiltzeko, hirian eta jurisdikzio osoan, etsai baten beldur zebilen-eta.

1528an Karlos I.a errege zela, Frantziaren kontra hogei urtetan eduki zuen gerratearen ondorioz, ugariak ziren kortsarioak eta itsas lapurrak eta oso sarritan harrapatzen zituzten Ameriketako ondasunez beterik zetozen ontziak. Horietatik babesteko, bada, sortu ziren ontzidien guardiak, aspaldian Ipar aldeko itsasketan egin zuten bezala. Eta guardia izendatu zuten Pedriza, Mundakako Joan Mendiaretxagarekin batera.

1538an, bizialdiko azken urteetan, 250 tonako ontzia omen zeukan; garaiko ontzien zerrendetan hala ageri da behintzat. Pedriza itsasoan hil zen, beste portugaletetar asko bezala, ontzia galdu eta ito eginda.

XVI. mendean gabiltzala, beste pasadizo bat aipa dezakegu. 1509. urtean Bela Núñez Bizkaiko korrejidorea Portugaletera etorri zen bisitan eta, ur tutuak oso egoera penagarrian zeudela eta herri iturri egokirik ez zegoela ikusita, iturri berria egitea eta tutuak konpontzera agindu zuen.

Udal kutxetan dirurik ezean, herritar aberatsenek eman zituzten behar ziren marabediak. Lan zuzendariak izan ziren Anton Coscojales eta Joan Zaballa eta diru emaileak, berriz, Sancho Pedriza, Fernando Loredo, Pedro Salazar, Iñigo Vallecilla eta Pedro Herrada.

Iturri berria, benetako artelana, Coscojales kaleko goi aldean kokatu zen, gaur egun eskailerak dauden tokian. Horregatik alde hari “Iturria” esaten zitzaion garaian. XX. mende hasieran, berriz, parkera eraman zuten.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200