Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

SOTERA DE LA MIER

nofoto.jpg

SOTERA DE LA MIER
Karmelgo Andre Mari ikastetxearen fundatzailea

1821 - 1900

Kasilda Iturritzar, Epalzaren alargunarekin batera, beste hiru emakume ongilek daukate kale bana Portugaleten: Sotera de la Mier , María Vallejo eta Carmen Gandarias.

De la Mier andrea, Bizkaian XIX. mendean gertatu zen industria iraultzeko senide aitzindarietako batean jaio zen, Portugaleten, 1821ean. Aita José Antonio de la Mier eta ama, berriz, Gabina Elorriaga ziren. Aita herriko alkatea izana zen Sotera jaio aurreko urtean eta 1837an Ibarra, Mier eta Cía. enpresa sortu zuen. Gainera, Espainiako aurreneko labe garaia eraiki zuen Guriezoko lantegian. 1854an hil zenean, enpresak izena aldatu eta hortik aurrera Ibarra Hermanos y Cía. izan zen.

Sotera beste industria gizon dirudun batekin ezkondu zen, Jose Gorostiza Casalekin, alegia. Gorostizak Ibarra anaiekin batera hartu zuen parte meategien ustiapenaren aurreneko aldietan. Haren etxea Kristo plazaren kantoian zetzan eta oso garrantzizkoa izan zen karlistadetan, leihoetako batean geroago karlistek suntsitu zuten bateria bat kokatu baitzen. Etxea oso kalteturik suertatu zen.

Karlistada bukatuta, Madrilgo Gorteek euskal foruak baliogabetzea erabaki eta lau egunera, 1876ko uztailaren 25ean, hil zen Gorostiza. Sotera, bada, alargundu zen eta seme-alabarik ere ez zuela, ongintzara eman zen erabat. Berrogeita bost urte zeuzkan.

1882an lizentzia eskatu zuen senarraren gorpua uzteko kutxa bat instalatzeko, etorkizuneko neskatilen ikastetxeko tenpluan mausoleoa egiten zen bitartean. Horren ostean, eraikin eder hori egiteari ekin zion. Irakaskuntza ertaineko ikastetxea izango zen hura eta, gainera, kapera handi-handia edukiko zuen. 1883ko maiatzean etorri zen Sotera andrea Portugaletera. Udalkide guztiek, alkatea Fernando Karrantza zela, egin zioten harrera beroa eta, esker onez, kontzertua eskaini zioten omenaldi gisa.

Ikastetxea, karmeldar mojen zuzendaritzapean, 1885ean hasi zen abian eta hortik zazpi urtera suntsitu zuen sute batek. Berriro altxatuta, ordea, Santa Anaren Karitateko Ahizpak egin ziren kargu eta gaur egun ere badiraute horretan. Azetako ikastetxe horretan doan ikasten zuten Sestaoko zazpi neskatila umezurtzek eta beste zazpi portugaletetarrek.

Sestaon ere jardun zuen Sotera andreak. 1889an, senarraren omenez, Rebonza-Mello zahar-etxea egin zuen. Historia osoan portugaletetar askok eman zuten dirua Andre Mari eliza egiteko; erreforma lan berrienak, aldiz, De la Mier andreak ordaindu zituen. Horiek horrela, bada, karlistaden ostean, esku zabalik lagundu zion dorre berria egiteari eta 1894an, hari esker, alboko koruak egin eta erdikoa erreformatu zen. Julio Saracibar arkitektoak zuzendu zituen lanok.

Horren ostean, bere jabetzapeko kapera berritu zuen eta hesi artistikoa ezarri zion. Hauxe irakur daiteke hesian: “Kapera hau Jose Gorostiza jaunaren eta Sotera de la Mier emaztearena da. 1895ean konpondu zen.”

Azkenik, Félix Chávarrirekin batera, organo berria ordaindu zuen. Ezin zuen, ordea, organoaren estreinaldia ikusi, 1900eko abenduan hil baitzen. Senarraren alboan ehortzi zuten Karmelgo ikastetxeko kaperan.

Ospitale-asiloetxeari egin zion laguntzagatik horren ongigileen zerrendako buruan agertzen da De la Mier andrea, 1901etik aurrera, Félix Chávarriren ostean.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200